ARANTZAZUn duela 10.000-8.000 urte gizakia bizi izan zen Antonkoban. Erdi Aroan Done Jakueko bidea pasatzen zen ARANTZAZUtik eta babes handiko lekua zen. Ez dakigu nortzuk, baina han utzitako Amabirjina baten irudia aurkitu zuen Baltzategi baserriko Errodrigok 1468an, elorriz josia zegoen ARANTZAZU izeneko bazter goxo hartan. Garai haietan hasita, ez dira falta izan ARANTZAZUn Euskal Herri guztitik etorritako erromesak. Bost mendeetan gizakia asko aldatu da eta gaur eguneko gizon-emakumeek ez dute antzinakoen pentsaera eta jokaera berdina. Orain ere erromesak etorri badatoz ARANTZAZUra, baina ez dakigu justu zeren bila. ARANTZAZUk mendia, natura, kultura, artea eta energia berezia, denetarik baitauka.
Liburu honetan errespetuzko begirada berri batetik aztertu du Iñakik, hain maitea duen ARANTZAZU, dagoena bere horretan errespetatuz eta bere barne gogoeta sakona Pello Zabalari eskainiz.
